XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) zerbait berria topatzeko uste osoarekin sartzen zinen, zerbaiten ikusle izatera prest.

Ekitaldiak amaitzen zirenean, horretarako prestatutako lekua ere ezabatu egiten zen, bere suntsipenarekin zeramalarik bere agerpena ere.

Hots, herriaren parte bizia zen, organikoa, biztanlearentzat egunerokoa presentatzen zaion modura aurkezturik: joan eta etorri, haizeak ekarria haizeak eramana.

Antzokien eraikuntzak dakar antzerkiaren lehen fosilizazio bat, lehen instituzionalizazio bat.

Gogoan hartzekoa da fenomenoaren bilakaera historikoa, puntu honetan.

Antzokiak eraikitzen diren garaian, eta ez da atzoko kontua, beren ezaugarri propioa azaltzeko, hau da, espazio arras berezitu baten sakralizazio fisikoa lortzeko, hiritik kanporatu samar eraikitzen dira.

Athenasekoa Akropoliaren azpialdean hegoalderako maldan kokatzen da, baina beste toki batzuetan mendi-mendian daude eta bide luzea egin behar da oinez.

Antzokia ez da existitzen bizitza sozialaren gurpilean presente egiteko ordua heltzen zaion arte: festa-egunak hain zuzen ere.

Orduan soilik hartzen zen Antzokirako bidea, orduan soilik agertzen zen leku hau biztanleen bizitzan.

Orduan zuen zentzua, trantsizio bide bat sortzen baitzen leku batetik bestera, hiritik antzokira, jaiaren bitartez.

Harainoko bidaia ere ospakizunaren barruan zegoen, eta ez zen bidai fisiko hutsa.

Jai giroan egoteak adierazten du pertzeptzioaren eraldaketa gertatzen zela, eskatzen zela, antzerkia bizitzeko, trantsizioa gerta zedin.

Bigarren aldi batean, Antzokiak hirietako organigraman azaltzen direnean, noski, kokatu beharko dugu bigarren disoziazio bat.

Biztanlearen bizitza osorik irensten zuen ospakizun baten erdian oinarrian behar bada festa bizian, agertzen zen lehendabizi eta honen arabera erabakitzen zen antzerki-lanaren ulermena.

Presupostu horiek gabe joango da orain ikuslegoa Antzokira.